XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Haraintzinekoa da ene azken amodioa.

Duela bizpahiru urte maitemindu nintzen gizon batez, eta konturatu orduko ametsetan niharduen, eta goiz batez hurbildu nintzaion maitasunaren aitortzeko.

Bere besoetan tinkatu ninduen isilik.

Handik hamabost egunen buruan, norbait bazuela erran zidan, pozarekin batera ene bizia mila puskatan apurtuz.

- Egin zenuten?

- Zer?

- Amodioa, larrua jo, hots...

- Ez.

Garai hartako mina berpiztu zen Sararen haragian, zainetan, begitartea itsutuz eta udalatuz.

Urte haietan hasi zitzaizkion kolegak hitzaren mozten, haren ahul-bulta latzez baliatuz, eta ondotik ez zen gehiago jokaldi eskasetan, are gutiago amodio bila ibili, sura erori eta errerik atera bailitzan.

Arianak Sararen gaizkizatea hauteman zuen bertan; neskak ahalgez apaltzen zuen arpegia altxatu zion, eta ezpain hegian musu arina pausatu.

Sararen izpiritua ur-jauziaren aurka borrokatzen saiatzen zen, ihes behar zuela errepikatzen zuen bereber, baina ezpainak ezpainen alde geratu ziren, eta laster Arianaren mihia berearen zirikatzaile nabari zezakeen.

Ariana Sararen negarrez jabetu zen:

- Ez ezazula malkorik ixur...

- Ez dut nahi eta nahi dut.

Arianak whisky godaleta banpez hustu zuen.

Elkarri begira gelditu ziren.

Ez naiz gaixtoa, ez dizut minik eragingo xuxurlatzen zion alkohol hats usaintsua zerion Arianak.

Sara xederetan harrapatu kabala baten antzera zegoen ttattit eta mutu.

Orduan Ariana sofatik zutitu zen eta gaueko apaindura zehargia kendu zuen, bere gorputzeko larru zuri eremua erakutsiz eta bake agiri gisa eskainiz.